XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tabako-fabrikan, alditxo batean gauetako zaitzalle izan nintzan, eta orrela, denetik pixkat, an edo emen, egiten saiatuaz; azkenez, nere itxas-bazterreko bizitza Apacha zeritzaion etxean amaitu nuan; Papagayo-kalean zegoan, igo ta ezkerretara; an denetik egin nuan, nere lanik nagusiena auxe izan-arren: kalera bialtzea ixkamilla sortzera soil-soillik, zetozela iruditzen zitzaizkitan guziak.

An urte ta erdiraño iraun nuan, ta beste urte-erdian, munduan zear nere etxetik kanpora banabillelako, nere etxeaz ta an utzitakoaz uste nuan baño maizago gogoratzen asi nintzan; leendabizian, sukaldean jarri oi zidaten oean sartzen nintzanean, gero beste ordu askotan, ta azkenez egun batean alako erri-miña edo morriña La Coruña'n ala deitzen zioten gorputzean sartu zitzaitan, gure bide-gañeko txabola artan nere burua ikusi artean, onik ez arkitzeraño.

Nere pamiliak ongi artuko niñuelakoan negon, denborak dena sendatzen du , eta arako nere gogoa azitzen ari zitzaitan gero ta geiago, ziza-gorriak bustitasunean azi oi-diran eran.

Dirua eskatu nuan gero ordaintzekotan, irixtea kosta zitzaitan, bañan azkenean, beste gauzak oi-diran bezela, ekiñaz eta aleginduaz, bear nuan lain eskuratu nuan, ea ara nola egun batean, nere laguntzaille guziei danen aurretik Apacha'ri, agur egin-ostean, nere etxera biurtzeko ibiltaldiari asiera eman nion; nere txango au zorionekoa izango zitzaidalakoan negoan, eta alaxen izango ere zan, deabruak nik ezertxo ere ez nekiela bere trastekeriak nere etxean eta nere andrearekin egin ezpazituan, ni kanpoan egon nintzan bitartean.

Berez arritzeko gauza etzan; nere andreak, artean ederra ta gaztea izanik, ta ain ez-jakiña gañera, bere senarraren bearra oartzea; nere igesa, nere pekaturik aundiena, ta Jaungoikoak, ez ote geiegizko gogortasunez, zigorkatu nai izan zuana...

Zazpi egun igaro ziran etxera itzuli nintzanetik, eta nere andreak, axalez beintzat, ain maitekiro artu ninduanak, nere ametsak urtu zizkitan esanaz: - Oso otz artu zindutala pentsatzen naukazu.